Back to Blog
Neurria eskasa da, azken batean, berriz ere, langile klasea baita ondorioak pairatuko dituena. Auto zaharrenak dituztenak dira emisio gutxiko eremuan sartu ezingo dutenak; baita sarrera ahalbidetzen duten autoak erosteko baliabide gutxien dituztenak ere. Beraz, hirietara autoak sartzearen aukera eta “erosotasuna”, herritar sektore ahaldunen pribilegio baino ez da bilakatuko.
Larrialdi klimatikoaren problematikari aurre egiteko, ezinbestekoa da berotegiefektuko gas emisioak murriztea, noski, baina konponbideak egiturazkoa izan behar dira. Aipatutako neurria ez da nahikoa bere baitan, eta diru-sarrera baxuak dituzten herritarren zama baino ez du bilakatuko. Neurria ekitatiboa izan dadin, beste baliabide batzuk erraztea funtsezkoa da, besteak beste, garraio publikoa bermatzea eta auto pribatuaren erabileraren alternatibak sustatzea. Hiri-eredu bizigarriak eraikitzeko logika ez da gutxi batzuek ordaindu ditzaketen autoak erostera bultzatzea, baizik eta auto pribatuaren erabilera murriztea eta espazio publikoa herritarrontzat berreskuratzea. Horren harira, hirigintza politikei dagokionez, administrazioek neurri jasangarri horiek hirietako bazter guztietara helarazi beharko lituzkete. Izan ere, emisio baxuko zonaldeak hirietako zonalderik aberatsenetan, denden guneetan edota enpresa handien egoitzen inguruan kokatu ohi dira. Beraz, alde horretatik ere, auzo desberdinen azpiegituren artean oreka mantendu beharko litzateke. Nola liteke EBZ indarrean sartzen den aldi berean subflubialaren proiektuak aurrera jarraitzea? Ez al da paradoxikoa lehenengoaren helburua, antza, berotegi-efektuko gas emisioak murriztea den bitartean, bigarrenaren helburua auto pribatuen zirkulazio masibo eta jasanezina gehiago erraztea? Bistakoa da neurri bakar batek ez duela zentzurik gainontzekoan aldaketarik ez badago. Emisioen arazoari aurre egiteko, funtsezkoa da EBZren politikak klaseikuspegi integral batetik abiatzea. Bakarrik langile klasea eztabaidaren parte bilakatuz lortuko da hiri eredu jasankor eta inklusiboak eraikitzea. Arrazoi horiengatik, Jauzi Ekosozialako kideak EBZ eredu hauen aurka aurkezten gara, eta deialdia egiten dugu ekainaren 13an Bilbon burutuko den mobilizaziora gerturatzeko.
0 Comentarios
Más información
Dejar una respuesta. |