Back to Blog
Krisi ekosoziala ez doa oporretan!29/5/2024
Luxuaren, xahutzearen eta zoriontasunaren artean artifizialki sortutako lotura hori nabariagoa da oporretan, eta agian are nabariagoa udako oporretan. Urte osoa lanean eman ondoren, gure momentua heldu dela sentitzen dugu, amestu ditugun oporretako egun horiek merezi ditugula. Lan prekarioen eta gaixotzen gaituen abiaduraren aurrean deskantsatzeko eskubidea dugu. Halere, ez da zilegi oporrak prestatze aldera udako armairu aldaketa arropa-arinez egitea edota munduko beste puntan pultserita bidez neurrigabe kontsumitzea, gizarteak tresnak (hegazkin-bidaia merkeak edo udako kredituak) gure esku jartzen baditu ere. Planetari aukera horiek arpilatzen dizkiogu, etorkizuna hipotekatuz. Horregatik, alde batetik, jet pribatuak desagertu behar dira, baina gainerako hegazkin bidai kopuruak ere behera egin behar du. Ezin dira errepikatu, adibidez, iaz Loiuko aireportuak 6,33 milioi bidaiarirekin lortu zituen errekorrak.
Uda, oporrak eta zoriona neurrigabeko kontsumoarekin identifikatzen dira, baina bizitzak mugak ditu, eta xahutzea bizitza ideala ez balitz, denbora gehiago izango genuke benetako bizitzak eta bizitza guztiek bizi ahal izateko. Gaur egun daukagun ezagutzarekin, mugak onartu eta birbanatu besterik ez dugu egin behar. Horregatik, kanpaina honetan, luxua salatzen dugu, bizitzaren kontra doana, eta pertsona guztiok bizitza duin eta desiragarriak bizi ahal izateko nahikotasuna aldarrikatzen dugu. Luxuaren Salaketa Nahiz eta desparekotasuna pairatzen duten herrialdek kutsadura- eta indarkeria-maila handiagoak eta osasun-datu okerragoak izateko joera duten (Wilkingson eta Pickett, 2024), egun, mendebaldeko gizarteetan desberdinkeriaren ezabaketa ez da lehentasuna. Munduko biztanleriaren % 1 aberatsenak 2/3 pobreenek adina igortzen du (Oxfam, 2023). Egiaztatu dute ere, BPG antzekoa duten herrialdeetan desberdintasun ekonomiko handiagoa dutenek BEG gehiago isurtzen dutela berdintasun handiagoa dutenek baino. Ezberdintasunak kontsumismoa ere areagotzen du. Wilkingson eta Pickettek (2024) ohartarazi dute ikerketek erakusten dutela gizarte desparekoetan bizi diren pertsonek gehiago gastatzen dutela estatusa igotzeko ondasunetan. Herrialde batek zenbat eta garapen handiagoa izan, orduan eta energia-aztarna handiagoak ditu ezkutuan. Herrialde aberatsenek %18,5 baino gehiago kontsumitzen dute lurraldetik (kontabilitatetik) kanpo (Akizu-Gardoki et al., 2021). Euskal autonomia-erkidegoan, energia kontsumo guztizkoaren %22 zeharkako kontsumo ezkutua da. Hau da, herrialde aberatsenen artean gaude. Honek kontsumo ereduari erantzuten dio, ondasun eta zerbitzuetan sartutako zeharkako energia lehen mailako energiaren guztizko kontsumoaren % 75 baita (Villamor et al., 2022). Energia kontsumo horrek nabarmentzen du gure gizartean kultura fosila egiturazkoa dela. Ia ikusezina kapitalalismoaren inpaktuak kanporatzeko joera dela eta, baina pirinioak elurrez beteta egotea albiste izateak argi uzten du eraginak bertan pairatzen ditugula ere. Gure kontsumo ereduari loturiko kutsadura atmosferikoak gure lurraldea eraldatzeaz gain, bizitza xumeagoa duten herrialdeak eraldatzen ditu ere. Izan ere, Hego Globaleko herrialdeek karbonoaren ekonomiak eragindako kostu guztien 2/3-3/4 artean jasango dituzte (DARA, 2013). IPCC (2022) txostenak erakuzten duenez, 2010etik 2020ra uholdeek, lehorteek eta ekaitzek eragindako heriotzak 15 handiagoak ziren klima-urrakortasun handieneko eskualdeetan, klima-urrakortasun txikieneko eskualdeetan baino. Errefuxiatu asko zaurgarriagoak diren eta klima-larrialdiaren ondorioetara egokitzeko zailtasunak dituzten herrialdeetatik datoz. Kutsadura atmosferiko orokortuari opor garaian kutsadura kulturala gehitzen zaio, lurraldeak eta gizarteak eraldatuz. Gure gastronomiari gertatu zaion legez, kanpotarrentzako produktuak sortzean bertakoen izaera disolbatzen da. Ze aldaketa eragiten ari ote gara ezagutzen ez dugun kultura batengana turistalez hurbiltzen garenean? Halere, turismoa garapenarekin lotzen da, ekonomia elikatzen baitu. Garapenaren mandatu orokorraren adierazle nagusietako bat BPG da. Herrialdeen arteko ranking garrantzitsuenak zehazten dituen adierazle izarra. Adierazle ekonomiko hori sektore "ekonomikoei" soilik lotuta dagoela dirudien arren, hala nola Estatuko aurrekontuei, merkatuen analisiari eta abarri, ondorioak ditu gainerako sektore guztietan. PBGak adierazten duen garapen ekonomikoak ez du beti ongizatea suposatzen, birbanaketan dago gakoa. Desberdintasun-tasa txikiak dituzten herrialdeetan bizitzeak berekin dakar osasun osoarekin bizitako urte kopuru handiagoa, osasun mental hobea, hilketa-tasa txikiagoak eta espetxeratze-tasa txikiagoak. Costanzak (2023) eta Hickelek (2022) ohartarazi dute ingurumenaren beharra dagoela hazkunde ekonomikoa mugatzeko eta, horren ordez, iraunkortasuna eta ongizatea lehenesteko. Gaur egun normaltzat ditugun behar faltsuak, ez dira behartzat ulertu duela gutxira arte. Saldu nahi diguten bizimodua etengabeko kontsumoarena da; itxurazko luxuzko bizitzak dira, arropa merke eta etxera dakarten janari lasterrez apaindurikoak. Behar horiek asetzeak, ordea, ez du luxuaren pareko den ezer sortzen: planeta suntsitu, han eta hemen langileak esplotatu eta momentuko zoriontasun faltsua besterik ez du eskaintzen. Bataz besteko emantzipazio adina 30 urtetan duen gizartea, edota zaintza lanen pribatizazioan sakontzen duen gizarte ereduan munduko beste puntara bidaiatzeko aukera izatea ez da bizitza on bat edukitzea. Turismoaren arazo larrienetarikoa gentrifikazioa da. Bertakoak euren jaioterreietan edo auzoetan bizitzeko aukerak desagertarazten dituen fenomeno soziokulturala Airbnb bezalako enpresak baino haratago doa. Bertako zerbitzu eta denden desagerpena tokian tokiko ehuna deuseztatzen du auzoak parke tematiko bihurtuz. Hotelen kontzentrazioa, edota urbanizazio eta 2.etxebizitzek ere, udan ura bezalako ondasunen kontsumoa igotzen dute. Krisi klimatikoa egiazkotzat badugu, lurraren gainokupazioak dakarren ondasunen kudeaketa ezin daiteke BPGren menpeko adierazleekin egin. Gainera, BPG igotzen duen inpaktu ekonomikoaz gain, badakigu gurutzaontzietako edo makrokontzertuetako ingurumen eta inpaktu soziala? Onargarria da golf zelaiak edonola ureztatzea, edota hotelen ur kontsumoa ez murriztea lehortea dagoenean? Gehiengoak lehenesteak pistina pribatuak hustuko lituzke, baina komunitarioak mantendu. Badago zer eginik itsasuntziz ura ekarri baino lehen. Badugu zer aldatu betiko dendak eta oinarrizko zerbitzuak desagertu ez daitezen; baita irakasle, mediku, erizain edota sorosleak kanporatzen dituen alokairu eta zerga neurrigabeen aurrean ere, ez elikatu prekarizazioa bisitatzen dugun tokietan. Bizitza ona da norberaren zein kolektiboaren oinarrizko beharrizanak betetzen dituena; zaintza sistema publikoa, bizitza proiektu duinak, hilabete bukaerara iristeko kezka eza eta planeta suntsitzen ez duena. Zer ikusi gutxi du horrek guztiak saldu nahi diguten bizimoduarekin. Kontsumo azkarrean, esplotazioan eta xahuketan oinarritzen den sistemak planetaren zein gizartearen degradazioa sortzen baitu soilik. Bizitza on horrek behar duen egitura aldaketa martxan jartzeko ezberdintasunen ezabaketa funtsezkoa da. Gizartea ez da sentituko ahalegin kolektibo baten partaide, hari ihes egiten dion jendea dagoela sentitzen duen bitartean. Horregatik da hain garrantzitsua aberatsen portaera eta bizimodu jasanezin horiek mugatzea, bizi-baldintza kolektiboez hitz egin ahal izateko. Nork utziko du kotxe pribatua jet pribatuak dauden bitartean? Gobernuek antolaketa kolektiboak lehenetsi beharko lituzkete eta zergak ordaintzeko modu progresiboak aukeratu. Diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen karga ekonomikoak diru-sarrera handiak dituztenei transferitzeko, desberdintasuna murrizteko eta munduak karbonoaren neutraltasunerako eta iraunkortasunerako trantsiziorako behar duen azpiegitura ordaintzeko. Xahuketan oinarritzen den turismoak zerga bereziak eskatzen ditu batez ere oinarrizko ondasunei dagokionez. Kontsumoaren jaitsiera emateko eta luxuaren aspirazioa desegiten has dadin publizitatea murriztea eta mailakatutako zerga berrien ezarpena aukera ona izan litezke, beti ere biziraupenerako ondasunak libre utziz. Adibidez, energiaren kostuak progresiboak izan litezke, kontsumo-maila altuagoetan unitateko gehiago kobratuz. Nahikotasuna Nork definitzen ditu beharrizan faltsu horiek? Zeren arabera edo noren mesedetan? Sistema kapitalistak "beharrizanak" sortu dizkizu, eta luxuzko bizimoduak sortu eta idealizatu ditu. Luxua aspirazio da gure gizarteetan. Baina, luxu hori gutxi batzuentzat bakarrik dago eskuragarri, elkarren arteko lehia eta desberdintasunak areagotzen dituen sistema batetan. Desberdintasun sozialak murrizte aldera eta larrialdi klimatikoa leuntzeko nahikotasunaren balioa errekuperatu nahi dugu. "Gero eta gehiago, hobeto" delakoaren ideia oso zabalduta dago gizarte kapitalistetan, baina, errealitatean oso gauza gutxik jarraitzen dute arau hori. Herrialde industrializatuen garapena bera, BPG altua duten horiena, gehiegizkoa da, neurri gabekoa. Gehiegikeriaren gizartean (Herrero, Cembranos eta Pascual, 2011) ezinbesteko gauza gehienak urritu egiten dira. Desira edo nahi horien aurrean beharren definizio eta asetzea nahikotasunaren eskutik doa. Nahikotasuna ez da austeritatea, ariketa konszientea baizik. Goitik behera ezarritako "beharrak" egiturazko arazoa dira eta guk ere neurrigabeko kontsumoak ditugu. Orain arte gutxieneko soldataz edo gutxieneko zerbitzuez hitz egin bada, zentzua eukiko luke gehiegikeria murriztea, jabetzak mugatuz, gehieneko errentak jarriz, edo kontsumoari neurria jarriz (ura, gasolina, CO2 isurketak, hondakinak). Kontsumoaren jaitsiera antolakuntza modu berrien bitartez egin liteke egiturazko arazoari erantzun komunitarioa emanez. Hori da defendatzen dugun funtseko urrats bat. Nahikotasuna, beraz, beharrezkoa dena (eta ez gehiago) kontsumitzean datza, gizakien arteko eta naturarenganako osagarritasuna eta bizikidetza errespetatuz. Helburu apalak bilatzen badira, erraza da oparotasunean bizitzea. Ondorioz, oinarrizko beharrak identifikatu behar dira, eta horiek asetzeko sistemak aldatu, gutxiago eta hobeto kontsumitzeko (Acosta, 2012). Funtsezko beste urratsa. Arreta norbanakoetan bakarrik jarri behar ez badugu ere, gehiegikerirako joera gure artean udan nabarmentzen denez, kanpaina honetan horri ere erreparatu nahi diogu. Lurraldeari loturiko turismoaren alde, eta ustiaketan eta ondasunen xahuketaren turismo ereduaren kontra. Zeren bila goaz atzerrira ihesi, gure lurraldea eta historioa apenas ezagututa? Lan prekariotik ihesi, hamaika hilabeteetako milaka lan orduetatik ihesi, ingurune artifizializatuetatik ihesi, teknologiak areagotzen duen abiadura eta hiperkonektibitatetik ihesi... lekuak kontsumitzen ditugu. Deskantsurako eskubidea eta deskonektatzeko eta norberarentzako denbora izatearen funtsa ez luke opor fosilista eta neurrigabeko kontsumoetan oinarritua egon beharko. Zaurgarritzen gaituelako eta beste batzuk zaurgarritzen eta prekarizatzen ditugulako. Bizimodu apalak eta sinpleak pobretzat jo zituen kultura "desarrollistak" edo garapenaren aldekoak, mespretxatu eta iraintzen ditu. Aldiz, bizimodu horiek ez ditu biziraupena eta duintasuna arriskuan jartzen, bizi erritmo naturalekin koherentzian eta naturaren mugen barruan daudelako. Zelan harremanduko gara gu geu uda honetan bisitatzen dugun tokirekin? Lortuko ahal dugu oporretan beharrezkoa zaigun atseden eta erritmo jaitsiera? Gai izango ote gara mobila amatatu eta benetako deskonekzioa egiteko? Hare gehiago, ihesa saiheste aldera, joko dugu oinarrira? Ausartuko gara lana banatzen eta gure auzoak birnaturalizatzen? Aisialdi ez kontsumistaren alde egingo dugu eta harremanak eta pertsona oro denon artean zainduko ditugu? Exijituko dugu oinarrizko zerbitzuak sostengatuko dituen irabazien birbanaketa? Ez ote dira aldaketa horiek bizitza oparoa ernaltzeko lur emankorra sortuko dutenak? Zentzu horretan, zer da aberastasuna? Ondasun material gutxiko, baina, harreman-ondasun handiko aberastasun batez ari gara. Gu sinistuta gaude kontsumo gutxiagoko gizarteek ongizatean eragin positiboa izango dutela. Horrek esan nahi baitu soldatapeko lan gutxiago egin behar izatea, eta ondorioz, bizitza sozial, kultural eta politikorako denbora gehiago izatea, edota zaintza lanetarako. Nahikotasun materialak errealizazio pertsonal zein kolektiborako aukera zabaltzen du. Zer da desiragarriagoa? Esplotatuta bizi ihes egin behar izateko, edo motelago eta ingurune naturaletik hurbil bizi arineketan hanka egin behar ez izateko?
1 Comentario
Más información
Idoia Mujika
31/5/2024 01:39:57 am
Arras ona artikulua..es praktikan paratzen dugun
Responder
Dejar una respuesta. |